Azken hilabeteetan modu aktiboan saiatu naiz artikuluak online irakurtzen denbora gutxiago ematen, ulertu ahal izateko zergatik den hain aspergarria edukiak telefonoan eta ordenagailuan ikustea.
Kokatzeko, diseinatzaile grafikoa naiz eta gutxienez zortzi ordu ematen ditut egunero pantaila baten aurrean: batez ere liburuak maketatzen aritzen naiz, baina baita webgune hau bezalako gauzak ere, eta ia egun osoa ematen dut letrak ikusten.
Lehendabizi, sare sozialetako app-en erabilera mugatzea erabaki nuen. Irakurri nituen hainbat artikuluren aholkuari jarraituz, jakinarazpen guztiak desaktibatu nituen, deiak, mezuak eta mezu elektronikoak izan ezik. Orain Facebook besterik ez dut erabiltzen nire nabigatzailean, eta Instagrameko kontu bat izaten jarraitzen dut nire lana erakusteko. Reels izan zen (ez dut TikTok erabiltzen) gogaitzen eta nire erabakian eragiten hasi zitzaidan lehen gauzetako bat, zaila baita arreta mantentzea eta ikusi berri dudana gogoratzea hurrengo bideoa hasi aurretik, eta horrela behin eta berriz. Era berean, iradokitzen didan ia eduki guztia beti berdina da, berritasunik edo ezustekorik gabea. Askotan, diseinu-estilo berberak aurkitzen ditut, arkitektura garaikidean, arte-liburuetan, erakusketen posterretan eta kluben programazioan oinarrituak, eta ia kasu guztietan testuinguru gehiago beharko litzateke: eztabaida, ekoizpena, prozesuak… Algoritmoak ikasi du zer egin behar duen; gauza batetik bestera igaro ahala, gauza bera aurkitzen dut behin eta berriz. Nire artean pentsatzen dut eduki asko ez ote diren sare sozialetan hype bat sortzeko soilik diseinatzen, appetan nola funtzionatuko duten pentsatuz.
Martxoan, Portugalen erreferendum bat egingo da Lehen Ministroa aukeratzeko, Antonio Costak (era askotako arrazoiengatik) boterea hala moduz utzi ondoren. Inkesten arabera, eskuin muturra gora egiten ari da eta botoen % 20 lor ditzake. Eta askok eskuinaren batez besteko boto-emailea boomer-a dela pentsatzen dugun arren, estatistikek erakusten dute boto-emaile gazteenen sektore handi batek (< 35) Chegari botoa emateko asmoa duela. Alderdi horrek presentzia handia du sare sozialetan, kanalen, bot direlakoen eta influencer-en bidez, eta langabeziaren, inbertsio publiko txikiaren eta Portugalgo kostaldetik kanpo zerbitzu publikorik ez izatearen ondorioz gazteek dituzten frustrazioen kopla-burukoak seinalatzen ditu. Haientzat, errua etorkinena, gutxiengoena, emakumeena, LGBTQ+ kolektiboarena, enpresei ezarritako zergena, hezkuntza eta osasun publikoarena eta abarrena da.
Boto-emaileen demografiaz ari ziren artikuluak irakurtzean, nire buruari galdetzen nion algoritmoa ere zein neurritan den —beste faktore askoren artean— ideien erradikalizazio horren eta indibidualismo horren erantzule. Diseinatzaile grafikoa naizenez, algoritmoak lan egiten dudan gaiekin lotutako posterren eta liburuen segida amaigabea eskaintzen dit; zer eduki mota eskainiko dio bere berri eta informazio guztia sare sozialen bidez jasotzen duen pertsona bati? Nola bozka dezake norbaitek bere eskubideen aurka, «sistemari erronka jotzeko»? Demagun norbaitek egun osoa ematen duela reel direlakoak eta testuingururik gabeko argitalpenakirakurtzen, bere arazoiei konponbideak proposatzerakoan laburrak eta zorrotzak. Azkenean pentsatuko du arazoa Bestea dela: abortatzeko eskubidea duen emakumea, ustez gizarte-sorospenak aprobetxatzeko datorren etorkina, beste emakume batekin ezkontzeko eskubidea duen emakumea eta era horretako diskurtsoek «informazio»-aren aitzakian sortzen eta sustatzen dituzten aurreiritzi ugariak.
(Marciak Harvesting Knowledge-ri egindako ekarpena martxoaren 10eko hauteskunde orokorren aurreko egunetan idatzi zuen. Bertan Chega, eskuin muturreko alderdia, hirugarren geratu zen botoen % 18rekin.)
Márcia Novais AMAonlineren diseinuaz arduratzen da. Porton bizi da eta museo, erakunde publiko eta editore independenteentzat ere lan egin du erakusketa, liburu eta identitate bisualeko proiektuetan. Sari asko jaso ditu egindako lanagatik; berrienen artean ondokoak aipa daitezke: mundu mailako liburu baten maketazio onenaren Brontzezko Domina, Ana Jotta eta Ricardo Valentimen Moer liburuarengatik (Fundação Calouste Gulbenkianentzat diseinatu zuen), 50 Books saria, AIGAren 50 Covers saria, Olafur Eliassonen Y/our future is now liburuarengatik (Serralves Museorako diseinatu zuen), eta ohorezko aipamen bat DGLABen Book Design Prize-n, Ricardo Nicolauren Ana liburuaren diseinuagatik. 2013an Print Magazinek Artista Bisual Berrien zerrendan sartu zuen.