AMA aldizkariaren hirugarren zenbakiaren kaleratzea dela eta (Mikel Acostarekin izandako solasaldi bat eskaintzen dugu bertan), Hegoa Diskak musika-zigiluaren sortzaile eta zuzendaria gonbidatu dugu webgune honetako “Ezagutza-uzta” atalean kolaboratzera eta zigiluaren bandcamp-orria administratzen (edo banatzaileei, diskoetxeei, kolaboratzaileei, kontzertu-aretoei… mezu elektronikoak idazten) ari ez denean bere online denbora zertan ematen duen kontatzera. Horrez gain, Thomas Boutouxek eta Oier Etxeberriak Acostarekin izandako beste solasaldi bat (Mechanical Bonds / Lazos mecánicos, AMA#2) deskargatzeko aukera ere eskaintzen dugu. Astiro eta diskoz disko lan eginez, 2021ean abian jarri zenetik, Acostaren Hegoa proiektuak euskal musika esperimentalaren zabaltasuna eta sakontasuna arakatzea eta erakustea izan du helburu, garai eta generoen mugarik gabe, folk garaikidetik eta ahozko tradizioetatik hasi eta free jazz, soinu-arte edota musika elektroniko minimalista ezohikoreneraino. Zigiluaren diskografia osoa entzuteak esploratu gabeko mundu batean barneratzen gaitu, Euskal Herriko paisaia afektiboetan, tinbre eta testuretan, lelo eta tonuetan, txistu eta xuxurletan barrena. AMAonline-ren editoreok biziki gomendatzen dugu Hegoaren bandcamp-orria jarraitzea. Eta orain, hemen Mikelek berak gaurko Interneteko txokoetan arakatzeko egindako gomendioak:
…Boladaka
Azken negu honetan, nire ziklo fisiko eta psikologikoen kontzientzia gero eta argiagoa garatu dut. Gorputzak eta psikeak egunero, astero edo hilero nola funtzionatzen duten erakusten ari zait zenbateraino utzi behar dudan alde batera nire eszeptizismo pragmatikoa eta ireki behar ditudan bide berriak. Bihurgune, tontor eta haranetan konfiantza izatea, eta, oro har, mugen artean dagoen guztian, «ezarritakoan» sartzen ez den guztian. Bilaketa honetan ibilbide bat marraztu dut norabide berriak aztertzeko, ohitura berriak hartzeko, gauza berriak ikasteko eta jakin-min handiagoa izateko. Nire gorputz-egoerak aldatzen diren eran, nire interesak ere aldatuz doaz, boladaka.
Hona interesatu zaizkidan gauza batzuk, entzun ditudanak edo denbora pasa besterik egin ez dudanak; ordenak ez du axola.
(Dan Erickson, zientzia fikziozko telesaila, 2022)
Ez daukat hitzik sail hau zein ona den deskribatzeko. Hiru egunetan ikusi nuen osorik.
Laburpena: «Mark bulegoko langile talde baten buru da, eta haren oroitzapenak kirurgikoki banatuta daude bere lanaren eta bizitza pertsonalaren artean».
(Hirokazu Koreeda, 2023)
Suspense, drama eta misteriozko film japoniarra, Ryuichi Sakamotoren musikarekin. Oso hunkigarria, eta tarteka kezkagarria. Zineman ikusi nuen eta asko gustatu zitzaidan.
Liburu hau Milango Sprint liburu eta disko azokan aurkitu nuen azaroan. SALON FÜR KUNSTBUCHek argitaratua da Vienan. The Other Is Oneself-eko testue eta irudietan ihesaren eta erbestearen gaia aztertzen da, eta migrazioak pertsonengan eta gizartean duen eragina agerian uzten duen ikuspegi bat eskaintzen du. Erbesteratuta dagoen edonork ulertuko du zer diodan.
.
NTS (Never Too Small)
Youtubeko kanal hau nire azken atsegin errudunetako bat da. Mundu osoko diseinuzko apartamentu txikiak, non espazioaren erabilera maximizatu den. Asko gustatuko zaizu minimalista bazara edo nahasmendu obsesibo konpultsiboren bat baduzu. Ez dauka aitzakiarik.
NTS (Irratia)
Irratian lanean hasi naizenetik, estudioan hainbat zuzeneko saio ekoitzi ditut, eta hauek dira nire gogokoenetako batzuk. Hemen ere, hurrenkerak ez du axola.
–SULTAN LISTENING SESSON: SHABJDEED EN CONVERSACIÓN CON NIHAL (rap palestinarra)
–IN FOCUS: GRUPO DE EXPERIMENTACIÓN SONORA DEL ICAIC (Kubatarra)
–Scary Things (UK Drill)
–Travs Presents (Grime)
–TIM REAPER B2B CHARLES GREEN (Jungle)
–5 Gate Temple (Esperimentala)
Mikel Acosta. Musikaria, irrati ekoizlea eta Hegoa Diskak zigiluaren sortzailea da