AMAonline plataformak faksimilean argitaratu du Moyra Davey artistak 2011n idatzitako The Wet and the Dry saiakeran oinarrituriko liburuxka. Moyra Daveyren LANAK/OBRAS/WORKS erakusketa 2021eko urritik 2021eko martxora egon zen ikusgai Artium Museoan. Erakusketaren abiapuntuetako bat hamar bat urte lehenago idatzi eta argitaratutako saiakera hau izan zen, Vitoria-Gasteizko Montehermoso Kulturunea egoitza Parisen duen castillo/corrales kolektiboarekin, Bordeleko École de Beaux Artsekin eta De Vleeshal-Middelburgekin elkartu zenean The Social Life of the Book argitaratzeko, edizioa bera eta liburuak ideien zirkulazioarekin eta errealitate sozialarekin nola erlazionatzen diren aztertzen duen testuen bilduma. Sail hartako bigarren lana da Moyra Daveyren The Wet and the Dry. Ingelesez idatzi zuen artistak testua, baina gaztelaniara eta euskarara itzulita ere argitaratu zen. Lehorra eta hezea saiakeran, artistaren autobiografia eta argazkilaritzaren inguruneari buruzko ideiak nahasten dira Goetheren, Mary Wollstonecraften eta Shelleyren bizitzekin. Testu hartan oinarritua da, halaber, Daveyren The Goddesses bideo-lan ospetsua, 2020an aurkeztua Artium Museoko erakusketan. Historia horri loturik, zeinetan testu batek ekarri baitzuen erakusketa bat hamar urteren buruan, AMAonlineren proiektuak berak eta Hitz-kontua atalak, bereziki, asko zor diote Moyra Daveyk artista gisa hitzekin, irakurketarekin, idazketarekin eta argitalpenarekin duen konpromisoari eta idatzizko munduak begirada eta ideia berriak ez ezik, erlazio berriak sortzen dituelako ideiarekin. Eskerrak eman nahi dizkiegu Moyra Daveyri, castillo/corralesi eta Will Holderri –sailaren diseinatzaile eta koeditorea–, AMAonlineren bidez jatorrizko liburuxka inprimatuak formatu digitalean zabaltzeko baimena emateagatik.