Testu labur honi ekitean, inpresioa daukat zuen eskaerak ―azkenaldi honetan online irakurri, ikusi edo entzun dudanaren hautaketa bat egitea― denboran ez oso urrun dagoen une batera garamatzala: lineako informazioak sareko nabigatzaileentzat erabilgarria zen hipertestua sortzen zuen unera, alegia. Kontu handiz aukeratu eta ordenagailuaren goialdean ipintzen genituen blog eta argitalpen digitalen urrezko une hartaz ari naiz, noski. Online kritikak loriazko egunak bizi izan zituen orduan, baina garai hura joana da dagoeneko. Oraindik orain, harrituta geratu naiz ikustean egun batean aldizkari digital batean argitaratu nituen artikulu eta saiakera batzuk batere arrastorik utzi gabe desagertuak direla. Paperean, behintzat, ebakina geratzen zitzaigun artxiborako. Informazioa, orain, berehalakotasun-printzipio askoz zuzenago, lauago eta bat-batekoago batean oinarritzen da. Ni ere sare sozialen erabiltzaile naizen aldetik esan dezaket “edukia” irensteko nahi aseezin hori ez dela eskupeko iraunkor batekin konpentsatzen: zertarako, begi-bazterrez jasotako informazio pila gorabehera, alferrik xahututako ordu horiek guztiak, batere produktibitaterik eta onurarik gabekoak, erremediorik gabe betiko galduak?
Kontsumoa oso indartsua da orain, eta ekoizpen asko berehalakotasunez sortzen dira. Ni liburuak eskura izaten saiatzen naiz beti, bereizketarik gabeko ―eta, beharbada, ezinbesteko― emari generiko horri aurre egiteko. Aldean eramaten ditut batetik bestera, eta, irakurri baino gehiago, erabili egiten ditut. Erakusketa-katalogoak eta teoria kritikoko liburuak irakurtzen ditut batez ere. Beti erreparatzen diet Verso argitaletxearen nobedadeei. Azken hilabeteotan, Anna Kornbluhen Immediacy or, The Style of Too Late Capitalism irakurtzen aritu naiz. Autore horren iritziz, zirkulazioaren esferaren azelerazioak (kapitalaren balorizazio-prozesuaren faktore nagusi bihurtuta) bitartekaritza ezabatu du. Hor, kultur ekoizpenaren, artearen eta literaturaren “estilo” berri batez ari da egilea: aurkezpen oro pertsonalizazio bilakatzen da, azken edukia norbera da, murgiltze-esperientzia ideiari berari gailentzen zaio eta abar. Berehalakotasun horren beste sintoma batzuk hauek dira: sare sozialetan dagoen nartzisismoa, nobelaren beherakada eta autofikzioaren gorakada, aforismo kutsuko idazkera, bideoa azken bitarteko gisa erabiltzea (eta streaming bidezko telesail gero eta laburragoak) eta abar, bat-batekotasunak kritikari dakarkion guztia ez aipatzearren.
Argitaletxe anglosaxoi horrek berak kaleratu duen beste liburu bat, habitatzen ditudan tokiak paseatzen dituena, Dominique Routhierren With and Against. The International Situationist in the Age of Automation da. Aro zibernetikoaren hasieran Internazional Letristak eta Internazional Situazionistak robotizazioarekin eta teknologiarekin izan zuten harremanaren azterketa original eta xehe bat da liburua. Harreman hori, bistan da, anbibalentea izan zen, izenburuak iradokitzen duen bezala. Liburua aipagarria da, halaber, ikerketa-lanaren sakontasunagatik eta egileak artearen historia eta pentsamendu politikoa uztartzen dituen eragatik. Henri Levebvre eta Kristin Ross ere irakurri ditut, espazio publikoaz eta sozialaz ari direla, baina oso modu irregularrean. Beste liburu hau, berriz, hasi gabe daukat oraindik: Constant. Nueva Babilonia. [La utopía de la ciudad ideal en el siglo XX] (Cátedra). Irakurketa horiek ez dute berehalako etekinik, eta oso astiro irakurtzen ditut. Eskuetan erabiltzearen ondorioz hondatu ez daitezen, liburuak forruz babesten ditut; errutina horrek izugarri lasaitzen nau.
Nire irakurketa-ohiturak eguneko orduaren arabera aldatzen dira. Gero eta gehiagotan egiaztatu dudanez, teoria irakurtzeak, kritika irakurtzeak, edo gaurkotasuneko liburuak irakurtzeak ondorio kaltegarriak ditu lo egin aurreko orduetan. Horregatik saiatzen naiz gau-mahaian literatura-liburuak izaten, lasaitzen eta buru-jarduera apaltzen laguntzeko. Oraintxe bertan, China Miévilleren La estación de la calle Perdido (La Factoría de Ideas) liburukotea daukat mesanotxean. Miéville hori weird fiction delako estiloko idazlea da, eta oso gustukoa dut haren idazkera, darabilen hiztegi aberatsagatik eta irudimen oparoagatik.
Telesailei dagokienez, Succesion osteko hutsunea handia da oso. Ezina zait telesailak denbora-pasa hutsez ikustea. Harrapatzen ez nautenak aspergarri zaizkit, eta berehala galtzen dut haria. Zinema-aretoek, berriz, oso momentu onak eman dizkidate. Bi film hauek nabarmenduko nituzke: Jonathan Glazerren La zona de interés eta Isaki Lacuesta eta Pol Rodríguezen Segundo premio, Granadako Los Planetas taldeari buruzkoa. Atentzioa ematen dit, horren haritik, filmak aretoetan estreinatu ondoren argitaratzen diren kritikak, eta, gero, film horiei beroriei buruz sareetan plazaratzen diren iritziak, filmak plataformetan ateratzen direlarik: badirudi aretoko esperientzia bisualak eta soinudunak ez duela garrantzirik, eta “edukiak” bakarrik duela axola.
Hemen iragaitzaz eta zehaztasun-asmo handirik gabe aipatu ditudan tresna kultural horiek baliagarri zaizkit egungo larritasun- eta berehalakotasun-sentsazio horri nolabait ―nire erara― aurre egiteko. Tresnok kontsumo kulturaleko objektuak dira, eta kontsumo intelektual eta kognitibokoak ere bai aldi berean, baina kontsumo-objektuak, azken finean.