Orain dela hilabete batzuk, liburu bat enkargatu zidaten. Hasieran pentsatu nuen txantxa bat izango zela, aukera hori tarteka azaltzen baitzen gure ustekabeko (eta ez hain ustekabeko) topaketetan, elkarrizketa arinetan, beste gai askoren artean bestela bezala aipatzen zen solasaldietan edo argitalpenak aurkezteko antolatzen dituzten ekitaldietan. Baina ez. Laster nabarmen geratu zen ez zela txantxa. Liburua idazteko eskaera behin eta berrizkoak argi uzten zuen Caniche argitaletxea benetan ari zitzaidala saiakera bat idazteko eskatzen. Denbora luzean (hamar urte baino gehiago) aztertzen aritua nintzen gai bati buruzko ikerketa ─dandyaren figurari buruzkoa─ berreskura nezala nahi zuten. Ikerlan hura amaituta, 2010ean erakusketa bat egin zen ─Sur le dandysme aujourd’hui. Del maniquí en el escaparate a la estrella mediática ─ Arte Garaikideko Zentro Galiziarrean, RMS La Asociación komisario-bulegoak antolatuta, nire gidaritzapean. Baina beti geratzen da zerbait egiteko. Hori dela-eta, berriro hasi nintzen liburutegian eta ordenagailuan gordeta neukan materiala aztertzen, artikuluak eta liburuak berrirakurtzen, nik noiz berreskuratuko geratutako irudiak berrikusten. Ordura arte idatzia nuen guztia ere berreskuratu behar izan nuen, eta gauza jakina da nork bere testuak berriro irakurtzea ez dela oso gomendagarria izaten. Operazio horrek badu malenkoniatik eta nostalgiatik zerbait: egunkari zahar bat irekitzea bezalakoa izan da, nerabezaroan idatzi eta, inork aurkituko ez duelakoan, ohearen azpian ezkutatzen diren horietako bat. Horrek ikasle-garaian irakurri nuen testu zoragarri bat ekarri zidan gogora: Walter Benjaminen “Desembalo mi biblioteca”. Lan horretan, Benjaminek orrialde asko eskaini zizkion Parisko pertsonaia ia mitiko horri, hots, kalez kale noragabe ibiliz bizi zen dandy delakoari.
Hala ere, garbi ikusi nuen niri interesatzen zitzaidana ez zela dandy mota hori, teoria frantsesaren tradizio metafisikoarena, baizik eta beste bat, dandy britainiarra, britainiar Erregealdian Londresko areto eta klubetan ibiltzen zena: historia guztien arabera George Bryan Brummell izan zen lehena, eta Oscar Wilde ─moral bikoitzeko victoriar garai hartan bizitakoa─, beharbada, azkena. Dandysmoa zer zen azaldu ez ezik bizi ere egin zuten dandyak ziren niri interesatzen zitzaizkidanak.
Hala, erabaki nuen berriz irakurri behar nuela hemen ia oharkabean pasatu den (itzuli gabe dagoelako, beharbada) liburu bat: Jonathan Dollimoreren Sexual Dissidence, Augustine to Wilde, Freud to Foucault. Liburuak Wilde eta André Gide Aljerian elkartu zirenekoa du abiapuntu. Ustekabeko topaketa hark bere burua ezagutzeko aukera eman zion frantsesari, eta beste leku batzuetara eraman nau ni. Dollimorek sexu-identitate disidenteen genealogia bat eraikitzeko erabiltzen ditu bi idazleak (hain desberdinak eta hain antzekoak aldi berean), baina baita esentziaren eta eraikuntzaren, naturaren eta kulturaren arteko dikotomia hori (beste bat gehiago mendebaldeko pentsamendua determinatzen duen binarismo horretan) ebazteko ere, XIX. mendeko dandyak beste batzuk ebazten bide zituen bezala: “historiaren androginoa”, deitu zion pertsonaia horri Jules Barbey d’Aurevillek, Du Dandysme et de G. Brummell tratatu laburrean.
Dollimoreren liburuan azpimarratutakoak saihesten saiatzen nintzen bitartean, Anna Moffo entzuten nuen, Callas berria bihurtu zen soprano amerikarra, Spotifyn. Mofforen eta Wilderen arteko asoziazio horrek beste saiakera batera eraman ninduen, hura genero bakarreko lantzat hartzea zilegi bada behintzat, asko baitu autobiografikotik, zerbait fikziotik, pixka bat Virginia Woolfetik eta beste pixka bat Roland Barthesetik: Wayne Koestenbaumen The Queen’s Throat. Opera, Homosexuality and The Mystery of Desire saiakeraz ari naiz. Wildek asko hartu zuen operako divatik, baita antzerkitik ere, bere pertsonaia eraikitzeko. Izan ere, Wilde ospetsu egin zen garrantzizko ezer idatzi aurretik ere. Professional beauties izenez ezagutzen ziren emakume haiek bezalakoa zen, Londresko goi-gizarteko festetara gonbidatuak hasieran, antzokietako izar handi bilakatuak azkenean. Estatu Batuetara gonbidatu zutenean, Gilbert and Sullivanen Patience opereta jendaurrean aurkezteko hitzaldi-bira ospetsura, Napoleon Sarony argazkilariarentzat posatu zuen, New Yorkeko eszenako izar handiak erretratatu zituen argazkilariarentzat, alegia. Posatu aditza garrantzitsua da dandyak zer diren ulertzeko. Izan ere, Queensberryko markesak, Wilderen maitale Lord Alfred Douglasen aitak, Wilderi “sondomita [sic] gisa posatzea” leporatu zionean hasi ziren haren aurkako epaiketak. Eta Wildek hainbat modutara posatu zuen, batzuetan horma batean bermatuta, beste batzuetan sofa batean etzanda, Moffok berak posatu zuen bezala, RAIko bere programan bere buruaz ─eta bidenabar diva guztiez─ barre eginez agian, plato zuri hartan, zeinak gogorarazten baitzituen hogeita hamarreko hamarkadako Ginger Rogers eta Fred Astaireren kode-aurreko musikalak edota diven etxeak berak. Izan ere, diven kasuan, etxeak dekoratuekin nahasten ziren. Hala gertatu zitzaion, adibidez, Glorria Swansonek Sunset Boulevarden jokatu zuen pertsonaiari (Normand Desmond), bere luxuzko etxeko eskailera (Herodesen jauregikoa bilakatua, Salomeren historiaren bertsio berri bat bailitzan) jaistean, bere senetik irtenda. Salome gisa mozorrotua agertzen zen, ustez, Oscar Wilde, argazki ezagun batean, hari buruzko biografia kanonikotzat hartzen den liburu batean ─Richard Ellmannek idatzi zuena─, eta halaxe identifikatzen dute oraindik ere askotan, nahiz eta gauza jakina izan (laster jakin zen) Salome gisa erretratatuta agertzen dena Alice Guszalewicz soprano hungariarra zela. Salome bezala posatzea, edo Oscar Wildek Salome bezala posatu zuenean bezala posatzea amaigabeko begizta guztiz camp batean. “Strike a pose!”, esango zioten, agian, Wilderi, baina hobe dugu istorio hori beste baterako uztea. Izan ere, beti dago egiteko geratzen den zerbait.
Sergio Rubira komisario independentea da, eta Artearen Historiako irakaslea Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta Ikasketa Kuratorialen Masterreko irakaslea Nafarroako Unibertsitatean.