«Gold 20»

Apirilaren 8tik maiatzaren 29ra bitartean, Z aretoaren programaren barruan, Artium Museoak Ainara Elgoibarren (Mungia, 1975) «Gold 20. Fundir y parar» erakusketa aurkeztu zuen, Garbiñe Ortegak komisariatua, «Gold 20» (2014) eta «Glas Marte Cut» (2016) filmak barne. 2024ko urtarrilaren 19aren eta otsailaren 2aren bitartean Artium Museoaren Bildumaren parte izatera igaro den «Gold 20» aurkeztuko da amaonline.eus-en, David Bestué artistak erakusketaren harira idatzi duen testu batekin.

ISPILU-FABRIKA

Ainara Elgoibarren azken aldiko lana hainbat beira motatarekiko interesean oinarritzen da —batez ere Gold 20 eta U-Glas—, eta material horren ezaugarri optikoak eta haren fabrikazioa eta erabilera erregistratzeko erabiltzen diren metodoak akoplatuz hurbiltzen zaie. Harreman hori konplexuagoa gertatzen da pentsatzen badugu zein ezohikoa den artista bat industria-esparru batean bideo-kamera batekin ibiltzea, zein deserosoa den lekuaren arduradunarentzat edo jabearentzat norbaitek «kontrolik gabe» grabatzea besteen begiradei ezkutatuta egon ohi diren espazioetan.

Nolanahi ere, haren proiektuen helburua ez da produktu eta material horiei lotutako ekoizpenprozesua modu zehatz eta sistematikoan erregistratzea, Chauncey Hareren A Study of Standard Oil Company-n edo Alicia Framisen Inditex berriagoan gertatzen den bezala. Elgoibarrek landu ohi dituen planoek eta muntaia-erritmoak Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten Operación H (1963) lanaren hurbilketa iradokitzaile eta esperimentalagoekin lotzen dute. Desberdintasun bakarra da, kasu horretan, Juan Huarte
enpresariaren enkargu pertsonal batetik abiatu zirela haren industrien sustapen-dokumentu bat egiteko, eta testu honetan aztertzen ari garen lan motari dagokionez, artistaren beraren interesa eta ekimena dela, eta enpresekin negoziatu behar izan dituela bere grabazio-saioen baimenak eta baldintzak.

Obra sail honen lehen adibidea Gold 20 da, 2013an egindako eta izen bereko beirari eskainitako bideoa, Tuterako Koch Industries enpresaren Guardian Industries Corp. lantegian bakarrik ekoizten dena. Produktu horrek berehala piztu zuen Elgoibarren arreta, azaleraren urre kolore ezohikoan luxua edo handikeria pertzepzio-sistemekin lotuta egon diren garai bateko adibideen eguneratze bat ikusten baitzuen, Versaillesko jauregiko (Frantzia) ispiluen galeria kasu. Gold 20-n, gela hartako moldurak eta urre-koloreko markoak ispiluekin urtu balira bezala da, beirazko gainazal osoan apaindura-kozkor oro diluituz.

Enpresa barruko harreman bati esker, Tuterako fabrikaren barruan grabatzeko baimena lortu zuen artistak. Instalazioko arduradunek ezarritako baldintzak hauek izan ziren: denbora mugatu batez (10 ordu baino zertxobait gutxiago) lan egitea, lehiakideekiko eta langileekiko sentikorrak ziren fabrikazio-prozesuaren parte batzuk ez grabatzea, eta errodaje-ekipoak —artistak berak, Usue Arrietak eta Vicente Vazquezek osatua, guztiak Tractora Koop E-ren kideak— beti Guardianeko norbait izatea lagun. Itunaren arabera, bideoa ikusi ondoren, konpainiak «betoa» jar ziezaiekeen egoki iritzitako hartualdiei, eta artistak hori agerian utzi nahi izan du azken bertsioan.

Bideoa pobretu ordez, muga horiek irudiei etekin handiagoa ateratzen lagundu dute, argi- eta pertzepzio-xehetasunetan zen tratzen baitira, eta kontraste bat sortzen baitute fokatu daitekeenaren eta, kontrara, modu lauso eta zatikatuan erakusten denaren artean, enpresako langileen kasuan esate baterako. Berez, bideoan langilerik ez dagoenez, benetako protagonista Gold 20 da. Material horren plantxak espektroen eran igarotzen dira arraboletatik, beste dimentsio batetik sortutako argi-mamuak balira bezala. Presentzia lauso horrekin kontrastean, industria-esparruaren arkitekturak, instalazioaren barnealdeko eta kanpoaldeko ikuspegi orokorrek, batzuetan Gold 20ren azalera berean islatuak, agerian uzten dute beira mota hori sortzen den testuinguru zozo samarra, itxuraz hain purua eta materia gabea den produktu baten azogea balitz bezala.

En caso de duda: parar, pensar y preguntar Ainara Elgoibarrek 2018an Tabakaleran, Donostiako Kultura Garaikidearen Zentroan, emandako hitzaldi baten izenburua da. Bertan, artistak Guardian Corp enpresak Laudion duen beste lantegi batera egindako bisitak deskribatu zituen. Tuterako lantegia ez bezala, Laudiokoa ez zen hutsetik sortu, aurreko enpresa baten, Villosa S.A.-ren, xurgapenaren ondorioz baizik. Langile beraren laguntzari esker, Ainara behin eta berriz sartu zen 2015 eta 2017 artean Villosa S.A.ren zuzendaritzaren bulego zaharretan, bertan behera utzita baitzeuden. Toki horretan, konpainia zaharraren artxiboko dokumentuak, planoak, argazkiak eta beste erregistro grafiko batzuk kontsultatu ahal izan zituen, agian dokumentazio zaharkitua zelako eta, beraz, kaltegabea. Hitzaldian eta ondorengo testuan, artista hitzaz baliatu da industria-esparruko instalazioen barruan egiten dituen mugimenduak deskribatzeko eta azaltzeko nola familia-enpresa batetik multinazional batera igarotzeak kudeaketa-metodoen eraldaketa ekarri duen. Koch Industriesen kasuan, Market Based Management metodologian oinarritzen da, etengabeko hobekuntzarako metodologia horretan estatistika-tresnak aplikatzen baitira. Koch Industries-en kasuan, Market Based Management metodologian oinarritzen da; etengabeko hobekuntzarako metodologia horretan estatistika-tresnak aplikatzen dira. Itxuraz lan-istripuak ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin, langileen ekintzak mugatzen dituzten segurtasun-arau batzuk ezartzen dira, akatsak eta istripuak saihesteko, eta horrek, de facto, mugimenduak errepikatzera behartzen ditu, asaldura oro ekidinez.

2017an Ainara Elgoibar Bregenz-era joan zen, Austriara, eta bertan Glas Marte Cut filmatu zuen Glas Marte Gmbh enpresaren instalazioetan. Enpresa horrek beirazko arkitektura-elementuak egiten ditu. Enpresa txikiagoa zenez, Elgoibarrek askatasun handiagoz grabatu ahal izan zuen. Hori irudietan islatzen da, kasu honetan doitasun handiko makinen eta langileen arteko harremana erregistratu ahal izan baitu, programa informatiko batean marraztutako parametroen eta fresatzeko makinan eskuz egindako manipulazioen artean. Makinarekiko lotura horrek, automatizazioaren eta eskuzko lanaren artean, beste pertzepzio-kontu bat azaleratzen du; izan ere, hala Guardian-en nola Glas Marte-n, azken finean, langileak beharrezkoak izaten jarraitzen dute, makinak ikusten ez duena hautemateko gai direlako. Bestalde, kamerak esku baten dardarari edo langileetako baten besoko tatuajeari erreparatzen dion moduak aurreko bideoan bat-batean agertzen den gitarra baten soinuak bezala jokatzen du, bideografia-formatuaren eta fabrikan landutakoaren itxurazko objektibotasunarekin hautsiz, subjektibotasunari eta pertsonalari lotutako osagai berriak sartuz.

Deskribatu berri diren lanetan, artistak ekoizpen-sistemak eta irudikapen-metodoak elkartzen ditu. Mekanismo horrek azal tzen du artistak Dan Grahamen lanarekiko zuen interesa, bere lanetan ispiluak eta beirak ere erabili baitzituen. Dan Grahamek Gold 20ren familiako beirei «Two-way mirrors» esaten zien, noranzko biko ispiluak. Lehen aldiko lanetan, hala nola Performer/ Audience/ Mirror-en (1975) edo ondorengo pabiloietan, beira islatzailearen erabilerak Estatu Batuetako arkitektura korporatiboan dituen inplikazio estetikoak, formalak eta ideologikoak aztertu zituen. Inplikazio horiei, gaur egun, ikuspen-baldintza gero eta birtualagoak eta teknifikatuagoak gehitzen zaizkie, itxuraz behintzat, bai ekoizpen-prozesuengatik, bai irudiak grabatzeko eta hartzeko gailuengatik.

Doktorego-tesiaren sarreran —Ainara Elgoibarrek, hain zuzen ere, Performer/ Audience/ Mirror lanari eskaini zion, Dan Graham eta Darcy Lange artisten elkarlanaren emaitza gisa ulertuta. 1972. urtetik aurrera, artistak grabazio luzeak egin zituen lantokietan (work studies deitu zien)— artistak idatzi zuen beira mota horrekiko lilura zeragatik piztu zitzaiola: haietan «ezer ezin delako ikusi ikusten dena begiradan txertatzen duen islarik gabe. Gold 20, Low-E eta two-way mirror funtzio aldakorreko ispiluak dira, eta norberak bere burua begira ikusten duen bitartean ikus daiteke haien bidez, hau da, planoa eta kontraplanoa aldi berean ikustea ahalbidetzen dute». Hori izango litzateke, beharbada, proiektu hauen gakoetako bat, Ikusmenaren autokontzientzia moduko bat, tresnei eta horiek erabiltzen dituenari buruzkoa, langilearen eta artistaren artekoa, beirazko xaflen eta kameraren lentearen artekoa, irakats daitekeenaren eta ezkutatu behar denaren artekoa.

David Bestué, 2022