Hilabete honetan (urria) urteak betetzen ditut, eta adiskide batek liburu bat oparitu dit, gure eguneroko zentzugabekerian behar-beharrezko arnasa eman didana, horretarako ordezko zentzugabekeria bat aurkeztuz. Bora Chung idazle korearraren Cursed Bunny (2022) liburuak denbora luzean irakurri ditudan kontakizun labur bizienetako batzuk biltzen ditu. Hor agertzen diren irudiak nire buruan sustraitu dira: emakume bat harri eta zur eginda geratu da, gorotza eta komunetik behera bota dituen beste gauza batzuk bizidun bihurtu direla eta komuneko zulotik amari deika daudela ikusita. Horrek libratzea eragotziko dio, eta laster komunera joateari utziko dio. Beste kontakizun batean, bizitza osorako espetxean dagoen gizon batek munstro ezezagun eta ikusezin baten abusuak jasaten ditu; ihes egitea lortzen duenean, bere botere misteriotsuak ikusita, borrokan aritzeko alokatzen duen talde ibiltari batek bahitzen du. Kontakizun beldurgarriak dira, eta bitxia bada ere, txit adiktiboak beren izugarrikerian, eta sakonera iristeko ahalmen handia dute. Txikitan maitagarrien ipuinak irakurtzearen esperientzia dakarkidate gogora; ipuin tradizionalez ari naiz, erdi zirraragarriak eta beldurgarriak ziren horietaz, eta bizitzari buruzko mezu garrantzitsu bat zuten, baina entretenimendu hutsekoak ere baziren, beste xederik gabe.
Urriak, eguzkiaren inguruan bira oso bat markatzen duenak, urtebete egin du Israelek Gazan gerra hasi zuenetik. Gerra hau eta herri palestinarraren aurkako genozidio kanpaina dira, ziurrenik, gure garaiko gertaera definitzaileenak. Urtebeteren buruan, genozidio honetan ikusi ditugun ankerkeria ugariez gain —besteak beste, Erresuma Batuko eta AEBetako hedabideek eta gobernuek Israeli emandako laguntza, iritzi publikoaren gainean egindako gas-argiarekin batera—, hurbilagotik ezagutu ditut Palestinako herriarekiko nazioarteko elkartasun-sareak. Free Alaa: The anti-imperial threads of abolition [Alaa askatu: inperialismoaren aurkako abolizioaren hariak] artikuluak asko lagundu dit ulertzen zenbateraino aurkitzen duen babesa palestinarren borrokak estatuko mugez eta kausa politikoez harago. Alaa Abdel Fattah preso politiko angloegiptoarrak asko idatzi du, Egiptotik kanpoko espetxe batean espetxeratu zutenetik, Egiptoko estatuaren zapalkuntzari buruz eta kausa palestinarraren eta Egiptoko iraultzaren arteko kidetasun estuei buruz. Fattah 2011. urteaz geroztik dago preso, El Sisiko diktadura zapaltzailearen aurkako protestengatik, eta irailaren amaieran askatu behar zuten. Baina urria iritsi da eta Fattah-k espetxean jarraitzen du. Haren ama protestan ari da Estatu britainiarrak bere menpeko baten askatasuna bermatzeko erakutsi duen ezintasunagatik, eta gose-greban dago. Hau idazterakoan, 27 egun daramatza.
Pena nire egunerokoan sartu da. Denbora asko daramat galeraren eta atsekabearen errealitateekin bizitzen ikasten. Orain aste batzuk, argitalpen bat ikusi nuen Instagram-en (ez dut esteka aurkitzen!, algoritmoak huts egin dit, sentitzen dut), galdu dugun pertsonaren oroitzapena berpizteko aukera gisa deskribatzen zuen pena. Horrelako kasu batean, zioen, maitasun hori gogoratzen dugu eta haren galera sentitzen dugu berriro. Maitasun- eta min-esperientzia bat bizi dugu aldi berean. Maitasunaren prezioa galera da, esan zidaten behin. Nola aurre egin gertakizun horri, denok partekatzen dugun ohikoena izanik?
Musika laguntza handia izan da eta, hilabete honetan, Mustafa musikari sudandar-kanadarraren tristurari eta zaurgarritasunari buruzko gogoeta malenkoniatsuek samurtasunez eta graziaz estali dute nire esplorazioa. Baina prozesu horretan dena ez da hain lasaia izan. Teya Logos hard dance eta klub musikako ekoizle eta DJ filipinar trans-ak aldi berean haserrea, pena eta umorea sentitzeko aukera eman dit. Haren soundcloudak gure garaiko gertaera zoroen aurrean sentitu izan ditudan haserrealdietan lagundu dit. Haren musika —popa, budots delakoa eta zaratarik muturrekoena sampleatzen dituena— Filipinetako pop eta queer kulturan barrena egindako bidaia bat da, ezker erradikalaren kutsu argiarekin. Haren klub musikako gai oldarkorrak dantzatzea esperientzia katartikoa da, sarritan pena eta amorrua elkarrekin doazela, eta arreta biei jarri beharko geniekeela gogorarazten didana. Gogokoen ditudan abestien artean daude Filipinetako alderdi komunistako buruzagi zenari, JoMa Sisoni, egindako omenaldia, BEKI BOUNCE dantza-ereserki bizia eta lerro hauek ixteko erabiliko dudan izenburua: FUCK THE WEST.