Nire erlaitzak (2023ko irailaren 22an)

Azken egunotan gauzak nahiko ondo doaz. Oraintxe bertan hamahiru erlaitz besterik ez ditut zabalik nire ordenagailuan. Gehienak hortxe daude, geldirik; oroigarri lasaiak dira, eta askok hilabeteak daramatzate irekita, baita urteak ere. Egingai dauden proiektuen mapa txiki bat dira, bere garaian —eta agian baita orain ere— garrantzitsuak ziruditen ideiak, lagunek bidalitako estekak, erosi nahi ditudan gauzak, edo egiteke dagoen lana. Askok eta askok Montanarekin dute zerikusia, nik sortu dudan eta Sternberg Pressek argitaratzen duen liburu sortarekin. Hona hemen nire erlaitzak, 2023ko irailaren 22an:

«On Style & Its Dubious Reputation: A Protest», Ursule Molinarorena
KGB Lit Bar-ek argitaratua

Montanarekin hasi nintzenetik Molinaroren testuren bat berrinprimatu/berrargitaratu nahi izan dut. 2000. urtean hil zen, manifestu txiki hau argitaratu eta hilabete gutxira.

Erlaitz horrek hainbeste denbora darama irekita, ezen webgunea jada ez baita existitzen. Ongi oroitzen banaiz, Reese Williamsen Tanam Press argitaletxe harrigarri eta iragankorrak argitaratutako liburuen aurkibide bat zen; Theresa Hak Kyung Charen Dictee liburuaren lehen edizioa, Jenny Holzer eta Peter Nadinen Eating through Living, Werner Herzogen Of Walking on Ice, Cecilia Vicuñaren Precario/Precarious eta beste hainbat bitxi argitaratu zituen.

Open City London aldizkariaren ale berezi bat, Aily Nash nire adiskide maiteak argitaratua. Duela urtebete baino gehiago atera zen, baina aspaldi irakurri eta berrirakurri nahi izan ditut testu asko.

Rosario Castellanoren olerki hautatuen Interneteko artxibo eskaneatuak, Magda Boginek itzuliak eta Boginek eta Cecilia Vicuñak argitaratuak. Diamela Eltiten Custody of the Eyes, Montanan berrargitaratu berri dudana, Castellanoren olerki baten aipu batekin hasten da («ez, ez naiz kontsumituko nauen suaren beldur, gaizki piztutako pospoloaren beldur baizik, eta nire eta idazteko erabiltzen dudan eskuaren artean oztopo egiten duen anpoila horren beldur»). Bogin Nina Boginen ahizpa da, eta Ágota Kristófen La analfabeta itzuli zuen, Itziar Okarizek Artium Museoen egin nuen egonaldian gomendatu zidan liburutxo oso berezia.

Wikipediatik: À La Pym: The Barbara Pym Cookery Book (AEBetan The Barbara Pym Cookbook izenburupean argitaratua) Hilary Pymen eta Honor Wyatten 1988ko sukaldaritza-liburua da eta Barbara Pym Hilaryren arrebaren eleberrietan zerbitzatutako edo aipatutako plateren errezetak biltzen ditu. Estatu Batuetan E.P. Duttonek argitaratu zuen liburua 1988an, eta Erresuma Batuan, Prospect Booksek 1995ean.

Pymek 1950 eta 1980 bitartean argitaratu zituen bere eleberriak; horietan neskazahar, apaiz anglikano eta antropologoen bizitza aztertzen du. Batez ere Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gutxira girotutako bere lehen eleberrietan —arrazionamendu garaia oraindik ere—, janarien sinpletasuna da askotan Pym-en pertsonaien ezaugarri nagusia. Pymen eleberrietan janariak klasearen edo aurkakotasun sozialaren adierazle gisa funtzionatzen du, eta pertsonaietako askok sukaldaritzako hondamendiei egin behar diete aurre bere eleberrietan.

Nire adiskide Chiara Simionek Marcelin Pleynet-en poema bat bidali zidan, jatorriz Tel Qelen argitaratua; zorabiatu egin ninduen. Geroztik etengabe nabil haren ingelesezko lan gehiagoren bila; antza denez, ia ez dago.

VHEMT = The Voluntary Human Extinction Movement. Ahizpak bere «Why Breed» (Zergatik ugaldu) liburuxka bidali zidan, hiru zutabetan banatua: «Argudiatutako arrazoiak», «Benetako arrazoiak» eta «Iradokitako alternatibak». Oso erabilgarria da. Bana ezazue, mesedez.

El Chopo antzinako Historia Naturaleko Museo Nazionala da, etxe okupatu eta punk zentro kultural bihurtua, eta, aldi berean, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoaren (UNAM) zuzendaritzapean, arte garaikidearen museo bihurtua. Haren webgunean auzoari buruzko orrialde bat dago, non denda zahar eta berriak, kafetegiak, zerbitzuak, espazio artistikoak, merkatuak, jatetxeak, eraikin historikoak eta inguruan bizi diren adiskideak aipatzen diren. Horrela, komunitatean eta auzoan paper aktiboa jokatu baino gehiago egiten du, eta uste dut keinu biribila dela: eskuzabala, apala eta benetan erabilgarria.

Googleko bilaketa: «zizare-konposta hezetu egin zait»… Zizare-konpostagailu bat edukitzea erraza dela diote, baina nire iritzia jakin nahi baduzue…

Claudia Schaefer-Rodríguezen «The Power of Subversive Imagination: Homosexual Utopian Discourse in Contemporary Mexican Literature», Latin American Literary Review-k argitaratua

Luis Zapataren El Vampiro de la Colonia Roma lan oparoaren miresle handia naiz aspaldian, eta Montanarako itzultzeko irrikan nago. Aldi berean, José Luis Calvaren Utopía gay liburuari buruz ikertzen aritu naiz, garai hartako liburu are lehorragoa eta oraindik itzuli gabea.

Ariel Winden «Mexico City and its Monsters: Queer Identity and Cultural Capitalism in Luis Zapata’s “El vampiro de la colonia Roma”». Revista Canadiense de Estudios Hispánicos-ek argitaratua.

Gauza bera.

José Luis Calvari buruz ikertzen ari nintzela (oso gutxi idatzi da hari buruz), webgune harrigarri honekin topo egin nuen. Eskerrik asko, Matt eta Andrej Koymasky. Ni asimilatzeko gai naizena baino eduki eta diseinu zoragarri gehiago dago bertan. Nire atal gogokoenetako bat Polari/ingelesa-ingelesa/Polari hiztegia da.

Batzuetan musika pixka bat entzuten dut.

––––

Leah Whitman-Salkin editorea da eta Mexiko Hirian bizi da. Bere jarduera edizioaren elkarlaneko alderdiak jorratzen ditu bere jardueretan, eta itzulpena eta argitalpena interesatzen zaizkio bereziki, gauza publikoak egiteko modu gisa.

Sternberg Pressek argitaratzen dituen Montana liburu sailaren editorea eta sortzailea da. Liburu horiek politikaren eta poetikaren, literaturaren eta ikusmenaren arteko lotura-guneak aztertzen dituzte.

Tiranako 28 November liburu-dendaren sortzaileetako bat da, espazio komunitarioarekin, banaketa alternatiboarekin eta argitalpen-praktikekin egindako esperimentu bat. Handik Radical Sense antolatzen du elkarlanean, 2018. urteaz geroztik astero biltzen den irakurketa feminista erradikaleko taldea. Montez Press Radio irratiko programatzailea da Mexiko Hirian, eta berak jaso zuen lehen aldiz, 2022an, Artiumek ematen duen Juncal Ballestín nazioarteko beka.