Ipar basati eta malkartsua

2023ko otsailean, Filipa Ramos komisarioak hitzaldi bat eman zuen Artium Museoan, Museoaren Etorkizunak sailaren barruan. Erakundearen bilakaerari buruz espekulatu beharrean, Juan Luis Toboso komisarioarekin batera Portoko Udal Galeriarako prestatzen ari zen erakusketa kolektibo baten inguruan egin zuen hitzaldia. Erakusketa, Ipar basati eta malkartsua izenekoa, Iberiar Penintsulako ipar-mendebaldeko eskualdearen urtebeteko esplorazioaren emaitza da, zehaz-mehatz aztertuz nola eratzen duten eskualdea erabat bere errealitate eta fikzioan ziklo eta aldaketa meteorologikoek, mitoek eta istorioek, erritmoek, koloreek eta formek. Nola araka daiteke erakusketa baten bidez —galdetzen zion bere buruari— etengabe bilakaeran dagoen identitate bat eta nola mapeatu pertsonez, animaliez, landareez, elementuez eta mineralez osatutako lurralde bat? Galdera horrek oihartzun sakonak zituen Euskal Herriari buruzko gure hausnarketan.

Horrelako esplorazio batek izaera irekia eta mugagabea duenez, Ramosekin eta Tobosorekin hitz egin dugu berriro, Porton erakusketa inauguratu eta hilabete batzuetara, proiektuaren ondoko gogoetak gurekin parteka ditzaten, AMAonline programarako. Gogoeta horiek Filipa Ramosen saiakera batean eta Juan Luis Tobosoren poema batean gauzatu dira. “Denborarik galdu gabe” atalaren eduki berri hau argitaratzen dugu A Coruñako Unibertsitateko Normal espazioan Ipar basati eta malkartsua erakusketaren jarraipena aurkezten den bitartean, Fío do Norte izenburuarekin (2024ko urriaren 17tik 2025eko urtarrilaren 31ra).

Kolon, galiziar dama bat?

Ipar basati eta malkartsua izenburua isil-gordean sortu zen, eta ezustean atera zen jendaurrera. Word dokumentu bati jarri nion izenburu hori, eta bertan gordetzen eta deskribatzen nituen Juan Luis Tobosorekin batera Iberiar penintsulako ipar-ekialde atlantikoko iruditeria artistikoari buruz egiten ari nintzen ikerketaren erreferentzia artistiko, topografiko eta geografikoak. Zalantzaz eta ziurgabetasunez beteriko izenburua zen. Ni bezalako lisboar batentzat, Portugal iparraldea lurralde itxia, goibela, landatarra eta kontserbadorea da. Ezjakin direnen eta imajinatzeko denborarik ere ez duten topikoak dira horiek guztiak, eta oinordetzan hartuak dira, nola familiaren transmisio bidez, hala guztiak berdin jarrai dezan ideia generikoak sendotzen dituzten telebistako erreferentzien bidez. Proiektu honi Ipar basati eta malkartsua izenburua ematea txantxa partikular baten ondorio da, zeinak zerikusi handiagoa baitzuen nire aurreiritzi eta estereotipoekin aurkitzen ari nintzen errealitatearekin baino. Klixe haietatik haratago, Ipar basati eta malkartsua hainbat galderen eta erreferentzia oso zehatzen ondorioz sortu zen: Zerk definitzen du muga eta identitate nazionaletatik haratago hedatzen den lurralde bateko giro artistiko eta garaikidea? Nola ezaugarritzen ditugu Duero ibaiaren eta galiziar Atlantikoaren arteko zinemaren, arte garaikidearen, performancearen eta gune autokudeatuen artean adierazitako sormenezko bizitasun izendatzaile komunak? Nola identifikatu Iberiar penintsularen ipar-mendebaldeko izaera ingurumenarekiko harremanarekin –meteorologia, klima, tonua– eta aurreranzko mugimendu batean eta aurrerantz begiratzeko nahian oinarritutako izakien eta gauzen aldartearekin?

Galdera horien erantzun posibleak Ipar basati eta malkartsua izenburuko dokumentu honi forma eman zioten pertsonen, lekuen, irudien, hotsen, artelanen eta keinu sortzaileen bitartez sortu ziren. Galderak sortu ahala agertu ziren gainera erantzunak, Juanek eta nik elkarrekin Oporto eta Lugo, kostaldeko Duero eta Galizia, lotzen dituzten errepide eta autopistetan egindako bidaietan, hainbat artista, zinemagile, poeta, permakultura, belar, otso, katutxo eta zaldi basatitara eraman gintuzten meandroetan barrena. Bidean patata-tortila oso gutxi eginak eta San Simon gazta jan genituen, eta Galiziako lurrek eskaintzen zigutenarekin elikatu ginen. Gure aurreikuspenak baieztatu eta are gainditzen zuen sorkuntza- eta kultura-ehun oso trinkoa aurkitu genuen, oso nahasia eta modu linealean deskribatzen zaila. Jabetu ginen lekuek sortzen dituztela kolektiboak, eta ez alderantziz, Cem Raios T’Abram taldearen kasuan bezala: Oportoko artista (garai hartan) gazteen talde bat Pitões das Júniasen elkartu zen, eta film gogoangarri bat egin zuen; gero, zeinek bere bidea hartu zuen. Jabetu ginen galiziar eskultura berriaren mugimendua, NEG, fartsa eta errealitatea dela aldi berean; artista talde batek NEG izena hartu zuen modu ia ironikoan, erantzun nahian esperientziak, interesak eta gogo-aldarteak bateratzeko asmoarekin eta sentiberatasun komunen identifikazioetatik abiatuta (nahiz eta ikuspegi askotarikoak dituzten, galiziar zinema berriarekin gertatu bezala) mugimenduak asmatzen dituen kazetarien argotari. Jabetu ginen hiri-exodoa ez dela gizarte-sareek sortutako ilusio bat, errealitate bat baizik, poetikoa bezain gogorra, lurrarekin lotura sakon eta sortzaileagoa lortzeko helburuarekin bizitoki bat sortzea edo jatorrizkoa ez duten leku batera itzultzea erabaki duten artistena eta beste pertsonaia batzuena. Jabetu ginen «komunitatea» modako hitza dela, baina ez duela beti balio jardun autonomoak eta bertakoak deskribatzeko, zeinak, ainguratuta egonda ere, interes politiko, ekonomiko eta sinbolikoagatik deseraiki eta lerrokatutako lurraldeei aurre egiten baitiete. Iparraldea, basatia eta malkartsua baino gehiago, hainbat geruzaz osatuta dago, eta heterogenoa eta plurala da.

Aurkikuntza horien guztien artean saiatu ginen saudadeaeta nostalgia saihesten, sentimendu horiek sormena eten eta eraldaketa galarazten baitute. Nostalgia askotariko helburuekin barneratua izan da behin eta berriro, hala nola helburu politikoekin, turistikoekin eta gentrifikazio-helburuarekin, zeinak, aldi berean, bermatzen baitira autoexotismoko eta jabetze kulturaleko jokaldietan, ingurune eta joera pintoreskoak eta «benetakoak» sustatzeko helburuarekin. Saudadeak, lusitaniar identitatearen esportazio-sentimendu nagusia, gutxitan betetzen du dagokion funtzio proiektiboa, hau da etorkizunera iristeko nahia. Iragana berpizteko eta ospatzeko modua bihurtu da nagusiki, baina iragan erreala baino gehiago iragan folklorikoa ospatzeko. «Basatia eta malkartsua» izanik, iparraldeak bere burua definitzen du, eta bere opakutasunaz eutsi eta bere nortasun naturala eta kulturalaren proiekzioaren eta instrumentalizazioaren aurrean ulergaitz gelditzen da. Esperientzia hori bereziki agerikoa izan zen Diego Vitesen Cabriarekin. Muxían erabilitako (Costa da Morte) egurrezko egitura bat zen, izatez, itsas aingira modu tradizionalean lehortzeko baliatzen zen; artistak eraldatu eta erakusketa-objektu bihurtu zuen. Barrualdean, eta inguruan, aldi berean dihardute, kaosean eta armoniaz, iraganak, orainak eta etorkizunak, errealitateak eta eldarnioak, artefaktuek eta aurkitutako objektuek. Artistaren genealogia patriarkalaren olioaz pintatutako erretratuekin batera dihardu Mouræren musika performancearen queer jai-izpirituak, Lois Búaren alter egoak; hark distortsionatu eta berrasmatu egiten ditu Muxíako folk abestiak bere iratxoaren pertsonaia mitiko-queer-aren nortasunaren arabera. Gizon serio eta goibelekin batera dihardute Alejandra Pombo Suk tonu fluoreszenteez eta purpurinaz moldatzen dituen figurazio animista txikiek eta Kristobal Kolonen galiziar jatorriari buruzko dokumentazio espekulatiboak, Vitesek faksimile gisa berregina eta gindaxaren euskarrian kokatutako kuxin handietan inprimatua.

Litekeena da Kolon galiziarra izatea, eta baita gauza gehiago ere. 1975ean, María Dolores de la Fe kazetariak Espainiako telebistan adierazi zuen, zuzeneko saio batean, sinetsita zegoela Kolon emakumea izan zela. Beste hainbat argumenturen artean, espainiar kazetariaren ustez Kolonen sinaduraren alboko inizial misteriotsuak, S.V.S., Andra bat naiz esapidearen laburdura ziren: mezu kodetu bat, bere benetako genero-identitatea azaltzeko osatua. María Dolores de la Feren sormenezko historiografiari omenaldia eginez, Hidrogenesse musika duoak S. U. S. (Kolon emakumea zen) abestia argitaratu zuen 2020an, eta horixe bihurtu zen gure ikerketaren soinu-banda. Nabigatzailea galiziarra zela dioen eldarniozko espekulazio hori, Vitesen Cabria lanean iradokia, oinarri hartzen duen hipotesiarekin uztartuta, Kolonen irudia galiziar emakume gisa irudikatu zen. Kolon ez balego indarkeria eta izugarrikeria kolonialen ideiei lotuta, liluragarria litzateke (eta baita dibertigarria ere) testuinguru horretan aukera horri buruz espekulatzea. Baina haren irudi historikoa da berridatzi behar dena, nortasun nazionalaren eta generoaren aldaketa egin beharrean. Edonola ere, halako eldarnio historiografikoen arriskupean jarrita –antzinako hezetasun eta landatasuneko lur idealizatuaren irakurketa kristalizatzaileei gainjartzen zaizkienak–, lurralde hori mitologia eta narratiba fantastiko zein laudagarri berrietara zabalik ageri da.  

Cabria lana eukalipto enbor astunekin eraiki zen, eta haren instalazio konplexu eta zailak arazo larriak eragin zizkion Udal Galeriako talde teknikoaren logistika-gaitasunari, eta, ondorioz, Portugal iparraldean eta Galizian gertatzen ari den drama ekologikoaren epizentroan kokatzen da materialki. Lurralde horietan eragin larria izan du eukaliptoaren monolaborantzak; paper-pasta bizkor ekoizten delako inportatu zen zuhaitz hori, eta horrek lurra pobretu eta ahuldu egin du, sute masiboen aurrean. Baltsamo-urrineko zuhaitz lirainez osatutako baso sukoi horien erretratua (horien inguruan ez da ia beste ezer hazten) Cabria lanarekin batera erakutsi zen, instalazio formatuan, Oliver Laxeren Lo que arde (2019) filmaren proiekzioan. Filmaren hasieran, sutea izan den eukalipto baso baten gaueko ikuspegia ikusten da, erretako zuhaitzak mozten dituzten traktoreen foku indartsuen argipean. Lirismoaren eta errealitatearen artean, edertasunaren eta hondamenaren artean, sufritzen duten lurrez osatutako paisaia antropogenikoko iparralde konplexu honen beste alderdi bat agertzen da. Inguruan, irudi mitologikoek, emakumeen kimerek eta Mariana Barrotek zuri-beltzean margotutako zaldiek ospatu egiten zuten animalien bizitzaren eta berrikuntza ekofeministaren nahiaren arteko elkarbizitza (dantzen eta argi-mugimenduen bitartez), halako eran non bat egingo duten adierazkortasun grafikoak eta performatiboak, iruditeria zinematikoak eta historiaurreko arbasoen erreferentzia estetikoek.

Ipar basati eta malkartsuaren lur-eremua, espiritua eta iruditeriaren osagai izango zenari buruzko hasierako espekulazioak aurkeztutako lenen bitartez gauzatu dira, gauzatze berrien eta aurretik eginda zeuden lanen erakusketaren konbinazioaren bitartez. Wordeko dokumentuko ideiak behar bezala zerrendatu zirenean eta lan eta artisten zerrenda irmoagoa eta egonkorragoa izan zenean, Patrícia Vazi azaldu nizkion (Oportoko Udal Galeriako ekoizpen-zuzendaria). Bai jabetu ez nintzelako, bai presaren ondorioz, bai gehiegizko konfiantzagatik edo hiru gauza horien ondorioz, ez nion dokumentuari izenburua aldatu. Hala, txiste pribatu bat izatetik igaro zen bere burua basati, malkartsu eta, noski, gogorra izateaz harrotzen den iparraldearen ordain honen izenburu ofiziala izatera; gainera, bertako artistek zeruaren, etxeen eta lurraren gogortasuna eta granitoaren grisa iparraldeko eskualdeko errealitate iraunkorra direla pentsatzen dutenen topikoak irudiztatzen dituzte, eta baita desmuntatu ere.

Filipa Ramos, 2024ko maiatza

Alejandra Pombo Su, Dexeso e vida cotidiá, 2022. Margo akrilikoa paperaren gainean, 29.7 x 42cm. Artistaren adeitasunez.

“Demons, dilemmas and deaf ear”, Juan Luis Tobosoren olerkia, 2024 (gaztelaniatik itzulita)

Klikatu hemen edo goiko irudian irakurtzeko.