2022ko otsailaren 24tik, hau da, Errusiak Ukraina eskala handian inbaditu zuenetik, haurtzaroa igaro nuen lekua erotu egin dela iruditu zait. Eta 2023ko urriaren erdialdetik, nerabezaroa igaro nuen tokiari —Israeli— buruzko déjà-vu sentsazioa izan dut. Jakina, data horietan fruitua eman eta erabat umoturik agertu diren eromen-haziek denbora asko zeramaten han: errusiar biztanleriaren sektore handi baten iragan inperialaren (Errusiar Inperioa, Sobietar Batasuna…) galeraren ukazioan eta hura asimilatzeko ezintasunean, eta Palestinaren Mendebaldeko Erribera legez kanpo okupatzeak eta Gazako blokeoak mugarik gabe iraun zezaketelako Israelen uste osoan. Bi kasuetan, auzoko herrien aurka egindako genozidio-ekintzak —hurrenez hurren, ukrainarren eta palestinarren erretratu deshumanizatzaileek lagundurik— bestea erabat suntsitzeko edo azpiratzeko nahiaren adierazpen txit konkretuak izan dira.
Norbaitek uste badu eromen-prozesu horiek nazio mailan nahiko berriak direla, garrantzitsua da horien funtsezko izaera nabarmentzea. Errusiar estatuaren eraikuntza inperiala eta nortasunaren interpretazioa banaezinak diren bezala, prozesu hauek Israelgo estatua sortu aurreko ideologia sionistaren parte dira orobat. Palestinako sionismoaren lehen kritikari juduen ahots historikoki isilduak sorrerako indarkeriaren oroigarri ilunak dira, 2023an maila berrietara iristen ari direnak. Kritikari horietako bat, Natan Chofshi, Gerraren Aurkako Erresistenteen Internazionalaren adar palestinarreko presidente anarkista eta bakezalea izan zen. 1946ko testu batean, Chofshik ohartarazten digu: «Gure bizilagun arabiarrak ulertu ezin baditugu, sumendi baten gainean eraikitzen ari gara, eta gure lan guztia arriskuan dago» (Chofshi, 1972: 38). Okupazioaren sumendia, zalantzarik gabe, estatu juduaren euskarri hilgarria izango da hamarkada askotan (zer gertatuko da bere burua judutar definitzen duen estatu bateko herritar arabiarren % 20 baino gehiago horrekin?).
Analogia egokia da: sumendi batek bezala, okupazioak lo dagoen itxura izan dezake, baina bien bitartean laba bultza egiten ari da eta gainazalaren azpian pilatzen, azkenean erupzioa gertatzen den arte, bidean aurkitzen duen guztia kiskaliz eta estaliz. Eta sionismoaren haluzinazio ideologikoak direnak direla ere, sumendiaren erupzioak ere ez die barkatuko okupatzaileei ere.
Chofshiren hitz profetikoen garrantzia ez da hemen amaitzen. «Into the Abyss» [Amildegian] izeneko testu horretan bertan, sionista fanatikoek aldarrikatzen duten «botere judua» salatzen du, «Jabotinsky buru dutela», estatu judu baten, armada judu baten eta «indar fisikoaren gainerako adierazpen guztien» aldeko aldarria egiten baitute (Chofshi, 1972: 37-38). Aldarri horretatik sortutako estatuak «etengabeko sufrimendua eta odol-isuria» beharko ditu (Chofshi, 1972: 40). Are gehiago: gehiegizko botere eta indar basatiak bultzatuta, sionistek ez diote kontrako iritziei jaramonik egingo, datozen lekutik datozela. «Baina gizon zentzudun batek», dio Chofshik, «ahotsa goratu eta zorigaiztoko bide horren arriskuez ohartarazten badu […], isiltzeko esango zaio, eta bere herri esetsi eta gaizki erabiliaren sufrimenduarekiko axolagabekeria leporatuko zaio; eta hor bukatuko da “eztabaida”» (Chofshi, 1972: 37). Ez al da hori gertatzen gaur egun Israelgo Estatuko edozein kritikari ez-juduri antisemitismoa leporatzen zaionean, eta kritikari juduei, berriz, beren herria gorrotatzea eta Hamasek urriaren 7an egindako sarraskiaren biktimak ahaztea leporatzen zaienean?
Berez, Gazako genozidioagatik eta, Mendebaldeko Ibarreko kolono biolentoen gaizkile talde armatuek lagunduta eta bultzatuta, Israelgo Estatu militarraren makineriaren ekintza zertxobait geldoengatik —haiek bezain hilgarriak, hala ere— asaldatzea, ez da inondik ere axolagabekeria, guztiz bestela. Lehenik eta behin, bai moralaren eta bai legearen aldetik onartezina delako genozidio bat —judu-herriarena XX. mendean— beste genozidio bat justifikatzeko erabiltzea: palestinar herriarena XXI. mendean. Jaialdi batean bildutakoen eta hegoaldeko kibbutzim-etako egoiliarren sarraskia «Juduen auzirako» nazien «Azken irtenbidea» -rekin eta komunitate juduko kideek mendeetan jasandako pogromoekin lotzeko propaganda-saio etsiak gorabehera, Hamasen erasoa ez zen estaturik gabeko herri judu baten antzinako jazarpenaren jarraipena izan. Guztiz bestela: Israelgo Estatuaren lurraldean gertatu zen: biktimak —gehienak, bertako herritarrak— babesteko gai izan ez zen Estatu horretan bertan, Estatuaz gabetutako, lekuz aldatutako, blokeatutako edo okupazioak dirauen guztian eraildako herri palestinarraren aurka etengabeko gerra egiten ari den Estatu horretan bertan. Aurreko genozidio baten biktimekiko errespetuak eta haien oroimena ohoratu beharrak beste talde batzuen aurkako ekintza genozida oro debekatu beharko luke, eta eskakizun hori Gazako bonbardaketen aurkako protesta judu-amerikarretan islatu da, «Beste inoiz ez, inorentzat» lelopean.
Judu kritikoek beren «gaizki tratatutako herri» propioaren sufrimenduarekiko axola izatearen bigarren arrazoia, Chofshik azaltzen duen bezala, Palestinan eta Israelen palestinarrak eta juduak (lehenengoak bigarrenak baino askoz ere proportzio handiagoan) konkista eta menderatzearen ideologia aseezin beraren ondorioz erailtzen direla onartzearekin lotuta dago. Izan ere, ideologia hori guztiz bateraezina da «ibaiaren eta itsasoaren artean» bizi direnen bidezko eta berdintasunezko koexistentziaren ikuspegiarekin. Gianni Vattimo zenak eta biok 2013an elkarrekin argitaratu genuen bildumaren (Deconstructing Zionism: A Critique of Political Metaphysics) sarreran idatzi genuen bezala: «Sionismoa deseraikitzea […] biktimentzat justizia eskatzea da; ez bakarrik haren ondorioz sufritzen duten palestinarrentzat, baita judu antisionistentzat ere, historia sionistaren kontakizun ofizialetik «ezabatu» egin baitira. Ideologia hori deseraikitzean, erreprimitu nahi duen testuingurua eta, arrazoibide teologiko edo metafisikoak eta Europako eta beste leku batzuetako herri juduaren jazarpenaren erru historikoari egindako apelazio afektiboak nahastuz, legitimatzen duen indarkeria argitzen laguntzen dugu» (Vattimo & Marder, 2013: xii). Orain, 2023ko urriaren 7ko gertakizunetan hildako judu israeldarrak eta atzerriko herritarrak gehitu behar dizkiogu zerranda tragiko horri.
Tragedia, ordea, gezurrezko zuzentasun politiko eta erdi-legaltasunezko bilgarri batean zerbitzatuta dator, baita Gazako bonbardaketa genoziden egoera latzaren aurrean ere. Hasteko, Israelek dio autodefentsarako eskubidean oinarrituta egiten ari direla; baina eskubide hori ez dago legez justifikatuta, okupatzaileak baitira ustez okupatuengandik defendatzen ari direnak. Gainera, IDF (Israeli Defense Forces) direlakoek, zinismo handiz, biztanleria zibila kalteen eremutik ihes egitera bultzatzen duten liburuxkekin bonbardatu dituzte Gazako palestinarrak: lehenik iparraldetik Gazako hegoaldera, eta, orain, desplazatuta zeuden beste eremu askotatik. Argi dago ekintza horiek, eraikin, auzo eta hiri osoen erabateko suntsipenarekin batera, bizitzea ezinezkoa den leku bihurtzen dutela Gaza, eta munduko aire zabaleko kartzela handiena, kontzentrazio-esparru. Are gehiago: pertsonei ur garbia eta elikagaiak eta buruen gainean sabai bat izatearen oinarrizko duintasuna eta hurrengo gauean bizirik iraungo duten ziurtasuna ukatzean, Gazako erasoak, praktikan, palestinar herria deshumanizatzea du helburu, Israelgo agintarien diskurtsoen deshumanizazioa osatuz. Eta hori guztia biztanleria zibilaz kezkatzeko aitzakiaz: alde egiteko eskatzen zaie, estilo neoliberalik onenean, «beren segurtasunagatik!». Biztanleriaren lekualdaketa genozidak borondatezko ebakuazio gisa aurkezten dira okupatzaileen «kezka humanitarioen» izenean.
Zoritxarreko gertakari horiek adierazten dute okupazioaren eromena ez dagoela hain urrun statu quo globaletik, funts publikoak desbideratzeko politika neoliberaletatik eta ahulenak hiltzera kondenatzetik (modu «zibilean» —hau da, ez militarrean— eta, beraz, ez hain agerikoan). Palestina zapalkuntza ikaragarri baten den gune berezia da, eta, era berean, statu quo globalaren kontraesanak, gehiegikeria hilgarriak eta logika jasanezina biltzen eta handitzen diren lekua. Horregatik dago justiziaren aldeko borrokaren (hori ere globala) lehen lerroan.
Natan Chofshi ekar genezeke hemen berriz gogora, sionismoarekin bateraezina den Sion-en irakurketa eskaintzen duena: guztiontzako justiziaren Sion-ena. Horixe da Bibliako Lur aginduaren zentzua, hain zuzen ere agindu zen bezalaxe, oraindik iristeke dagoen justiziaren irudia dena. «“Sion epaiketak askatuko du, eta haren konbertituak, zuzentasunak”; hori ez da ikuspegi abstraktu bat, aukera praktiko bat baizik», dio Chofshik Bibliako Isaiasen Liburuko txatal bati buruz (Chofshi, 1972: 38). Promesa bat besterik ez bada ere, Chofshik uko egiten dio beste Sion hori, denentzat irekia, utopia eta «ikuspegi abstraktu» bihurtzeari; aitzitik, «posibilitate praktiko» gisa ikusten du. 1946an, testua idatzi zenean, aukera hori kontuan izan eta errealitate historiko bihurtu izan balitz, Sion leku aparta izango zen benetan, lurraldeaz jabetzearen logikari men egingo ez ziona. Identitate bakar baten edo edozein identitateren eremutik kanpo elkarrekin bizitzeko leku bat; nazio-estatu baten zurruntasunik gabeko abegi oneko leku bat; heroismoaren tranpetatik eta sakrifizioaren diskurtso manipulatzailetik aske dauden erabaki etiko-politikoen leku bat.
Bibliografia
Chofshi, Natan (1972): «Into the Abyss», in Towards Union in Palestine: Essays on Zionism and Jewish-Arab Cooperation (arg. M. Buber, J.L. Magnes eta E. Simon). Westport: Greenwood Press.
Vattimo, Gianni; Marder, Michael (2013): «If Not Now, When?», in Deconstructing Zionism: A Critique of Political Metaphysics (arg. Gianni Vattimo eta Michael Marder). Londres/New York: Bloomsbury.
Michael Marder IKERBASQUEko Ikerketa katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filosofia Sailean, Vitoria-Gasteizen.