‘Unform’: Patricia Dauder-en ‘Bibliotheca Abscondita’*

Erakusketaren ikuspegia: Patricia Dauder. Unform Artium Museoan. Argazkia: Roberto Ruiz

2024ko apirila eta iraila bitartean, Patricia Dauderrek Unform erakusketa aurkeztu zuen Artium Museoaren aretoetan, Catalina Lozanok komisariatua.[1] Erakusketa horretan, artelan multzo handi bat bildu zen, zaharrena 2005ekoa, eta berrienetako batzuk, propio erakusketarako eginak.

Hain denbora-tarte zabalak —ia hogei urteko lanak— atzera begirako erakusketa bat zela pentsaraz zezakeen, eta, jakina, Unform-ek bazuen halako izaera laburbiltzailea, baina era ez guztiz konbentzionalean: azken bi hamarkadetako lanak biltzen zituen arren, erakusketa honek ez zuen Dauderren jardun artistikoak denboran zehar izandako bilakaeraren berri emateko asmorik. Aitzitik, hau zen xedea: hautatutako artelanen eta lan horiek elkarren artean ezar zitzaketen harreman ugarien bidez, artista honen zereginean etengabekoak diren oinarriak hautematea, formatu, gai eta garaiak gorabehera iraun dutenak, haren praktika sortzailearen muina finkatzeko.

Ideia hori buruan zutela, artistak eta komisarioak ahaleginak batu zituzten Unform-en esparruan hautatutako lan sorta instalazio bihurtzeko. Instalazio horretan, zehatz-mehatz pentsatutako antolamenduari esker, obra bakoitzak bere zentzua hartzen zuen, eta, aldi berean, bizitasun berarekin, dardara berezia zekarkion osotasunetik zetorren oroipen eta oihartzunen konstelazioari. Horrela, bere deklinabide guztietan, Patricia Dauderren interesak, metodoak eta hizkuntza plastikoa bateratzea lortu zuen Unform-ek.

Dauderren lan-prozesuak luzeak dira, eta keinuak edo prozesuak prestatzeko errepikapena eskatzen dute; horien emaitzak, neurri batean, autonomoak dira, artistaren kontroletik kanpo geratzen baitira (hein batean, behintzat). Ondorioz, haren lanak halako jalkitze eta oroimen sentikor osagai bat du: haren lan askotan —eskultura, pintura, ikus-entzunezko piezak edo beste edozein formatu izan— dagoen «arrasto» edo «zantzu» izarea bat, zeinak, aldi berean, haren jardunaren ezaugarri diren zentzu-geruza ugariei batzen zaien elementu narratibo bat gehitzea baitakar.

Era berean, Dauderren lanek aipatzen dituzten esanahiak (ikusizko pistak balira bezala), aldi berean bizia eta delikatua den ahalmen ebokatzaileaz hornituak, sentiberatasunean tinko ainguratuak daude —nahiz eta sarritan hizkuntzaren adierazpen-mugetatik harantzago lerratu direla dirudien—, eta, hala ere, giza hautemate-aparatutik kanpo nonbait ezkutaturik dagoen zerbait dagoela iradokitzen dute. Batzuetan, ezkutatze hori fisikoa eta hautemangarria da; hala gertatzen da, adibidez, 2018ko Calendario #6 (She) eta Calendario #4 lanetan. Beste batzuetan, artistak erakusten ez duen horrek ez du materialtasun fisikorik. Tamaina handiko Balsa eskultura, 2012koa, pieza oso gisa uler daiteke; baina, batez ere, izenburua irakurtzen denean, ez da zaila ontzi bat dela irudikatzea, edo, hobeto esanda, haren hondakina: itsasontzi baten zati handi bat, zeinaren proportzioak, ikusten dugunaren tamainaren arabera, benetan monumentalak izango liratekeen.

Erakusketaren ikuspegia: Patricia Dauder. Unform Artium Museoan. Argazkia: erredehirro

Zentzu-geruzak are konplexuagoak dira 2019ko Finning-en, buztinezko plaka egosi eta erre multzo batek osatutako eskultura bat.[2] Plaka horiek hormaren kontra jarrita marrazten duten forma laster antzematen da zetazeo baten hegalaren iradokizun gisa, are gehiago izenburua ematen dion hitzarekin lotzen denean, ingelesezko fin ‘hegal’ hitzetik eratorria.

Lan honek beste konnotazio batzuk ere baditu, ordea, dramatikoagoak eta ez hain  inuzenteagoak dira: ingelesez, finning hizak Asiako zenbait eremutan ohikoa den praktika lazgarri bat izendatzen du: marrazoei hegalak moztu eta gero itsasora bizirik botatzen dituzte, eta han laster hiltzen dira, sakonean hondoratuta, igeri egin ezinik.

Erakusketaren ikuspegia: Patricia Dauder. Unform Artium Museoan. Argazkia: Roberto Ruiz

Patricia Dauderrek dio ezkutatzeko estrategia horiek aldez aurretik pentsatutakoak direla, ez baitzaio interesatzen bere piezen esanahi guztia berehala eta lehen begi-kolpean ulertu edo kontsumitu ahal izatea, aitzitik, obra bakoitzaren zentzua ateratzeko lanak behatzaileari denbora eta ahalegina eskatzea nahi du. Horregatik ez dira agortzen ikusmen-atzemate hutseko uneetan bere piezetako askok pizten dituzten oihartzunak, aitzitik, hedatzen jarraitzen dute, obrak ulertzen ahalegintzen denak ikusten ez dituenean ere.

Hala ere, interpretatzeko ahaleginak ez dakar beti zalantzarik gabeko erantzun bat. Batzuetan zaila izaten da Dauderren lanek iradokitzen dutena zehatz-mehatz marraztea, zentzu-transmisioaren kateak guregana iritsi aurretik katebegi batzuk galdu izan balitu bezala, edo artistak, bere lanarekin, deskribatzeko hitzik ez dugun mundu batzuk aipatuko balitu bezala. Horrela sor daitekeen pertzepziozko «desdoitze» sentipen sotila da Patricia Dauderren praktikaren beste ezaugarri konstanteetako bat, eta baita taktika eraginkorrenetako bat ere haren piezei interpretazio aktiboko jarrera batekin begiratzen dienaren inplikazioa eragiteko.

Kontzeptuari dagokionez, sarritan darie sentipen hori haren lanek sortzen dituzten erresonantzia ugariei; izan ere, erresonantzia horiek ez dira beti hasieran hautematen —eta ahalegina egin behar da detektatzeko—, edo emozioekin hobeto lotzen dira kontzeptuekin baino, eta, beraz, zaila da hitzez deskribatzea. Maila formalean, artistak bere lanean darabiltzan bitarteko eta formatu anitzen ahalbideak gauzatzeko egiten duen esplorazio nekaezinak dakartzan kontrasteak halako haserre bat eragin dezake hasieran; izan ere, ohikoak ez diren norabideetara bideratzen dituzte haren lanen pertzepzio-prozesuak.

Horrela, adibidez, Dauderrek zinemako pelikula —irudi dinamikoaren euskarri nagusia— erabiltzen du irudi finkoekin pieza bat sortzeko, eta diapositiba-proiekzio baten gai nagusietako bat bihurtzen du, berriz, mugimendua; geruzatan gainjarritako lan bat osatzen duten esku-hartze grafikoekin aurkezten ditu orriak, horrela aldi berean hautematen dira guztiak, baina aldi berean ez dira erabat ikusten; edo basamentu bat, arkitekturaren edo eskulturaren elementu bereizgarri bat, iraunkorra izateko sortua, argizaria den bezalako material hauskor batekin eraikitzen du, horma baten ondoan jartzean haren izaera tridimentsionala irauliz, eta abar.

Era batera edo bestera, Artium Museoko aretoetan Unform bisitatzea aberasgarria zen beti, sentsazio eta ikusmen-pertzepzio ugarirekin eta esanahi-asoziazio iradokitzaileekin. Saria dastatzeko, nahikoa zen fede-aitor txiki bat egitea eta onartzea Patricia Dauderrek aretoetan erakutsi nahi duen guztia ez dela fenomenologiaren mailan hautematekoa, aitzitik, beste zentzu askoren bidez ulertu behar dela.

Erakusketaren ikuspegia: Patricia Dauder. Unform Artium Museoan. Argazkia: Roberto Ruiz

*«… [Thomas Browneren legatuan] Museum Clausum edo Bibliotheca Abscondita izeneko katalogo bat ere badago, liburu arraroez, irudiez, antzinako gauzez eta gainerako aparteko zerez osatua. Horietako bat edo beste Brownek berak bildutako bitxikerien bilduma baten parte izan daiteke, baina, hein handi batean, altxorraren etxe alegiazko batekoak ziren, zeina bere buruaren barruan baino ez baitzen eta bere idatzietako letren bidez baino ez baitzegoen eskuragarri» [gaztelaniatik itzulia]. W. G. Sebald, Los anillos de Saturno (alemanezko 1995eko jatorrizkoaren itzulpena: Carmen Gómez eta Georg Pichler), Bartzelona: Debate, 2000, 277. or.


[1] Patricia Dauder – Unform, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium Museoa, Vitoria-Gasteiz, Dauderren lan-prozesuak luzeak dira, eta keinuak edo prozesuak prestatzeko errepikapena eskatzen dute; horien emaitzak, neurri bateraino, autonomoak dira, artistaren kontroletik kanpo geratzen baitira (neurri batean, behintzat).2024ko apirilaren 26tik irailaren 29ra. Komisarioa: Catalina Lozano.

[2] Patricia Dauderri eskerrak eman nahi dizkiot bere lanaren alderdi hau eta beste asko nirekin partekatu dituelako.